jueves, 10 de mayo de 2012

Amaiera...

Jada iritsi da kurtsoaren amaiera, eta horrekin batera, nola ez, lan guztiak entregatu eta azterketetarako ikasteko unea. Puntu honetara iritsita, liburuak hartu eta ikasten hasi naizen momentuan zera etorri zait gogora: Orain arte jaso ditudan klase guztiek zerbaitetan lagundu al didate azterketarako? Ea orain liburua hartu eta ikasten hasi aurretik, azterketan galdetuko zaidanaren zati txiki bat behinik behin, barneratua dudan ala ez, alegia.

 

Eta benetan, pentsatzen jarrita, irakasgai batean edo bestean barneratu dudanaren artean alde handia dagoela ohartu naiz. Zergatik ote da hala? Erantzuna segituan etorri zait burura, eta hau irakaslearekin guztiz lotuta dago. Eta pentsa liteke: beti irakaslea da, eta ikasleak zer? Irakaslea al da beti erruduna, ala?

Ba ez naiz gezurretan arituko, eta onartzen dut zenbait ikasgaitan nire beharra ez dudala guztiz bete. Egia da ez naizela klase ordu batzuetan agertu, egia da irakasleari batzuetan ez diodala arretarik jarri, baina horrek, ikasgai batean edo bestean barneratu dudanaren artean hainbesteko aldea egotea justifikatzen al du?

Argi daukat ezetz. Ez nabil neure burua zuritu nahian, baina irakasleak duela erruaren zati handi bat esatera ausartzen naiz. Zenbait irakaslek liburuan azaltzen zena azaldu besterik ez dute egin, ikasgaiaren inguruan izan genezakeen interes edo motibazioa hein handi batean murriztuz. Motibazio falta horrexek eragiten du hainbatetan irakasleari arretarik ez jartzea, asistentzia gutxitzea eta desinteresa sorraraztea besteak beste.

Honela bada, horren guztiaren arrazoia bilatzen hasita, ondoriozta dezakeguna da ikasketa prozesuan denak duela eragina, bai irakasleak baita ikasleak berak ere. Beraz, ikasketa prozesua ondo eraman nahi bada, denon esku-hartzea ezinbestekoa da.

Nola gustatuko litzaidake didaktika ulertzea?

Didaktika nola ulertzen dudan jakiteko zenbaiten lekuan jarri naiteke: gurasoen ikuspegitik, eskola partikularrak ematen hasiko den irakaslegai baten ikuspegitik, edo beste ikuspegi bat izan daiteke irakasgaiak jasotzen ari denarena. Momentu honetan ikaslea naizenez, azken horren ikuspegitik begiratuta saiatuko naiz didaktika zertan datzan ulertzen. 

Denok gure bizitzaren une batean, esaten dugu: "hori oso irakasle ona da eta hori, berriz, irakasle txarra da". Baina, zeren baitan esaten dugu hori? Zergatik ondorioztatzen dugu hori? Irakasle horrekin lortu diren emaitzen araberakoa izaten da askotan, edo zuregana ondo iritsi delako bestetan. 

Beraz, didaktika, nola ulertzen da? Didaktika zer da? Gauzak nola irakatsi, irakasteko eran datza. Horren arabera, zer izan behar du? Irakaspena ondo egitea, hartzailearengana modurik onenean ezagupenak iristea.