Eta benetan, pentsatzen jarrita, irakasgai batean edo bestean barneratu dudanaren artean alde handia dagoela ohartu naiz. Zergatik ote da hala? Erantzuna segituan etorri zait burura, eta hau irakaslearekin guztiz lotuta dago. Eta pentsa liteke: beti irakaslea da, eta ikasleak zer? Irakaslea al da beti erruduna, ala?
Ba ez naiz gezurretan arituko, eta onartzen dut zenbait ikasgaitan nire beharra ez dudala guztiz bete. Egia da ez naizela klase ordu batzuetan agertu, egia da irakasleari batzuetan ez diodala arretarik jarri, baina horrek, ikasgai batean edo bestean barneratu dudanaren artean hainbesteko aldea egotea justifikatzen al du?
Argi daukat ezetz. Ez nabil neure burua zuritu nahian, baina irakasleak duela erruaren zati handi bat esatera ausartzen naiz. Zenbait irakaslek liburuan azaltzen zena azaldu besterik ez dute egin, ikasgaiaren inguruan izan genezakeen interes edo motibazioa hein handi batean murriztuz. Motibazio falta horrexek eragiten du hainbatetan irakasleari arretarik ez jartzea, asistentzia gutxitzea eta desinteresa sorraraztea besteak beste.
Honela bada, horren guztiaren arrazoia bilatzen hasita, ondoriozta dezakeguna da ikasketa prozesuan denak duela eragina, bai irakasleak baita ikasleak berak ere. Beraz, ikasketa prozesua ondo eraman nahi bada, denon esku-hartzea ezinbestekoa da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario