miércoles, 22 de febrero de 2012

Nire ibilbide pertsonala


5. ariketan agintzen zen bezala, nire ibilbide pertsonalaren mapa kontzeptuala egin dut. Hezkuntza sistematik egindako bidearen nondik norakoak laburki azalduz.
 Didaktika


-          Nola bizitu duzu etapa bakoitza?

Bizitako etapa guztien oroitzapen ona daukat. Txikitakoaz gehiegi gogoratzen enaizen arren, Langaitz Ikastolara joaten nintzen garai hartan ongi pasatzen nuenaren sentsazioa daukat. Lagun asko nituela esatera ausartuko nintzateke, eta jolas-orduetan makina bat esperientzia bizi nituela. Irunera bizitzera joan ginenean, oraindik txikia nintzenez, ez nuen arazo handirik izan inguru berrira moldatzeko, zorionez. Eskolan, 2. mailatik 3. mailara pasatzean gelak nahastu eta lagun berriak egiteko aukera izan nuen, 6. mailatik DBH-ra pasatzerakoan ere bai, baita DBH-tik institutura aldatzerako garaian ere. Aldaketa horiek guztiak positiboki gogoratzen ditut, eta are gehiago, beharrezkoak ikusten ditut pertsona bat pertsonalki asko betetzen duela uste baitut. Eskolaz kanpoko jarduerei dagokienean beste horrenbeste esango nuke. Nire kasuan behintzat, oso positiboak izan dira alderdi guztietan: ongi pasatzen nuen, lagunak nituen, ...


-          Zer zen garrantzitsua ikasteko?

Ikasteko garratzitsua zen ongi pasatzea, motibazioa, interesa eta nola ez, batzuetan, beste batzuengandik zetorren inpultso hori, lanak egiteko esanez edo lan zailetan lagunduz.

-          Nolakoa zen ikasle taldea?

Ikasle asko ginenez, (beti izan ditut gela handiak) ikasle mota asko zegoen urtez urte. Kanpotar gutxi izan ditut gelakide, baina behin baino gehiagotan izan dut atzerapenen bat zuen kide bat edo beste.

-          Nolakoak ziren irakasleak? Zein funtzio zuten?

Mota guztietako irakasleak izan ditut. Batzuk ikasgaia ematera mugatzen ziren, beraz beraien funtzioa horixe zen, ikasgaia ematea. Baina, beste batzuk, ordea, hurbilekoak ziren eta gu ezagutzen saiatzen ziren. Horiek baloreak transmititzen zituzten eta jarrera-kritikoa sustatzen zuten, ikasgaiaren aurretik. Beste batzuk, ikasgaiaren bidez ongi pasa zitekeela erakutsi ziguten, oso modu dinamikoan helarazten baitzuten azaldu beharrekoa. Azken hauek jakin-mina sorraraztea zuten funtzioa

-          Nola ebaluatzen zen?

Ebaluatzeko modua oso antzekoa izan da irakasle gehienetan, bi motatako ebaluazioa bereiziz. Batzuek, ebaluazio jarraia zuten gustuko. Hortaz, eguneroko lanak garrantzi handia zuen, eta ez horrenbeste ebaluazio amaieran egiten zen azterketak. Besteek, aldiz, nahiago izaten zuten ebaluazio amaierako azterketari garrantzia eman, azterketara arte egindako lanaren gainetik.


Hausnartzen...

- Hezkuntzan eta irakaskuntzan neutralak izan gaitezke?

Ikasgela batean,  zenbait kasu aztertu ondoren, argi geratu da gatazka bat sortzen denean batzuetan zaila egiten dela irakaslearen eta orokorrean eskolaren jarrera zein izan behar den zehaztea. Neutrala izateak gatazka edo eztabaida baten aurrean ez bataren ezta bestearen alde ez egiteko jarrera izatea esan nahi du, eta zaila ikusten dut horrelako jarrera bat hain subjektibitate handia duen hezkuntza bezalako alor batean ematea. Nola izan daiteke neutrala pentsaera eta sentimenduz lepo dagoena?

- Zein da neutralitate eta objektibitatearen arteko desberdintasuna?

Egia esan, ez dut batere argi ikusten neutralitatearen eta objektibitatearenarteko desberdina zein izan daitekeen. Neutralitatea zer den definituta, objektibitatearen inguruan pentsatzen jarrita ideia antzekoa datorkit burura. Neutrala izatea gatazka edo eztabaida batean inoren aldeko jarrera ez izatea dela esan dut, eta objektiboa izatea da gauza jakin bat baloratzea, dena delakoa, pentsatzen edo sentitzen dena kontuan hartu gabe. Beraz, ez dut argi ikusten bien arteko ezberdintasuna zein den.

Niretzat zer da hezkuntza, zer da kultura eta zer da gizarteratzea?

Niretzat, hezkuntza ezagutzak, balioak eta ohiturak transmititzen dituen eta gizartean nola jokatu behar dugun erakusten digun prozesua da, bizi osoan zehar eteten ez den prozesu amaigabea hain zuzen ere. Hezkuntza oso konplexua den zerbait da, eskola garaian gehien ematen dena.

Beste alde batetik, kultura gizarte bateko kideen ohitura eta ezaugarri multzoa da, beste kokaleku geografiko batekoengandik bereizten dituena. Honen barnean sartuko nituzke, besteak beste, artea, gastronomia, sinesmenak eta arau eta lege multzoak

Azkenik,  gizarteratzea pertsona bat bere gizarteko kultura barneratzen duen prozesua da. Honako hau ere prozesu amaigabea da, bizi osoan irauten duena. Eskola adinean ematen den gizarteratzeak garrantzi handia du, orduan barneratzen baitira oinarrizko balore eta arauak. Urteak aurrera pasatu ahala, prozesuak jarraitu egiten du pertsonok egunerokotasunean gure ingurura moldatzeko joera baitugu.

Aurreko kontzeptuak definituta, hiruen artean orden bat ezarri beharko banu, kultura jarriko nuke lehenengo, hezkuntza bigarren eta gizarteratzea amaitzeko. Kulturarik gabe ez baitago hezkuntzarik, eta gizarteratzea ezingo litzatekelako eman kultura eta hezkuntzarik gabe.

miércoles, 1 de febrero de 2012

Gu, irakasle bezala, zein eremutan arituko gara?

Hasiera batean, ea gu irakasle bezala zein eremutan arituko garen galdetzen digutenean, burura datorkigun lehenengo erantzuna hezkuntza formalean kokatuko garela da. Nire kasuan, momentu honetan behintzat, ikasgela bateko tutore baino gehiago hezitzaile berezi moduan ikusten dut nire burua, edo musika edo plastikako irakasle moduan, zergatik ez.

Hala ere, enuke alde batera utzi nahi hezkuntza ez-formalaren eremua. Izan ere, gaur egun, nabarmena da indarra hartu dutela, esaterako, eskolaz kanpoko akademiek. Eskolarekin nahikoa ez, eta gurasoek beren seme-alabak akademietara eramaten dituzte beren ikasketa prozesuan laguntza jasotzeko edo, besterik gabe, ikasketa prozesu hori beste alor batzuekin osatzeko. Azken horien artean dago, adibidez, musika eskolaren funtzioa.

Bizitzaren etapa bakoitzean pisu gehiago izaten du eremu batek edo besteak. Jaio eta lehenengo bi urteetan gutxi gorabehera, esaterako, hezkuntza informala da jasotzen duguna; urte horietan familiak izugarrizko garrantzia hartzen baitu, ez baikara eskoletara edota eskolaz kanpoko jarduerak egitera joaten. Horrek ez du inondik inora esan nahi bi urtetik aurrera ez dugunik hezkuntza informalean jarduten. Are gehiago, hezkuntza informala gure bizitza osoan zehar egunero ematen den hezkuntza eremua da, kaleko hezkuntza.

Amaitzeko, nire ustez, aipatutako hezkuntza eremuak bata bestearekiko osagarriak dira, eta guztiek dute garrantzi handia pertsonaren garapenean. Hiru horien arteko jardunean dago, hain zuzen ere, pertsonaren benetako garapena, aberastasuna.